Begirada Feministak 2013

Kaixo, poz handiz gatoz zuengana aurten ere burutuko diren Begirada Feministak jardunaldietara gonbidatu asmoz. Pasa den urtean (2012ko edizioan, feminismoaren subjektu politikoaren eztabaidari dedikatu geniona) parte-hartze handia izan genuela-eta, otu zaigu aurten ere formatu berari eustea, alegia, egun bakarrean kondensatzea diziplina ezberdinetatik gai zehatz baten inguruan datozen hausnarketa ezberdinak. Aukeratu dugun eguna Martxoak 21 izan da, osteguna. Eta lekua, Leioako Gizarte eta Komunikazio Zientzietako fakultateko areto nagusia, pasa den urtean erabili genuen gelak baino aukera erosoagoak eskaintzen dizkigula uste baitugu.

BEgirada Feministak 2013 kartelaAurten landu nahi dugun gaia “emakumeen sexualitateak eta haien errepresentazioak” da. Azken urteotan diziplina ezberdinetatik ladu den gaia dugu, mugimendu eta teoria feministarentzako gai garrantzitsua, inondik inora ere. Interes patriarkarraren arabera irudikatuak, espresio bakarrera murriztuak, ordenu heterosexualaren barnean kokatzera bultzatuak, amatasunarekin kate lodiz lotuak, emakumezkoen sexualitateak bizitzeko modu anitzak ekonomia sexual zehatz baten baitan, interes maskulinoenean alegia, gorde izan dira urte luzeetan zehar, eta oraindik hala egiten da.

Gure asmoa beraz, jardunaldi hauen bitartez, horren inguruan hausnarketa egin duten hainbat pertsonen ekarpena ekarri eta eztabaidatzea izango da, era ireki eta parte-hartzaileenean. Horretarako hainbat gonbidaturen presentzia izango dugu:

Hasteko Aintzane Rincón historialariak Trantsizio garaian sexualitatearen inguruan burutzen ari den ikerketa baten aurkikuntza batzuk aurkeztuko dizkigu. “Función de noche” pelikula ikusi ondoren burututako elkarrizketetik abiatuko da horretarako, aktore nagusa den Lola Hererraren adin bertsuko emakumezkoengan filma ikusteak piztutako kezka eta argitutako esparruak seinalatzeko.

Saioa Hernandez sexologoak aldiz, egunerokoaren esparrura gerturatuko gaitu, bere esperientzia profesionalean, bereziki Basauriko Marienea emakumeen etxeko sexu-aholkularitza zerbitzuan atxikitakoak esplikatuz, “Emakumeen sexualitateen nahi, bizipen eta bilakaera sexualak” aztertuz. Kafe-pausaren ondoren, berak gidatutako taller batean parte-hartzeko aukera izango dugu, gure “Ilunpeko aniztasun sexuala” argirtu asmoz, ariketa kolektibo batetik abiatuta sexualitateetan “esangarria” denaren eta ez denaren arteko muga nola marrazten den hausnartzeko.

Maite Garbayo Maeztu,artearen historialariak performance artistikoa aztertuko du bere interbentzioan, hogeigarren mendeko bigarren erdialdean emakumezkoen errepresentazio hegemonikoari aurre egiten dion praktika artistiko bezala. Emakumeak beti ere “gorputz” bezala irudikatuak izateak ekarri zuen erresistentzia ugari gorputzetik bertatik abiatzea.

AzalaBestalde Raquel (Lucas) Platero izango dugu. “Mujeres bajo sospecha” mintegi eta liburu kolektiboan parte hartu du, baina hortaz haratago urteak daramatza sexualitatea era ez-normatiboan bizi dugun pertsonen esperientziak eta haien esanahiak aztertzen, eta bere interbentzioa hain zuzen ere Frankismoaren garaietan heternormatibitatearen arauak hausten zituztenen historia berreskuratzeko saiaketa izango da, gertaera eta testu historikoen berrirakurketa eginez bide batez.

memoria

Amaitzeko Cecilia Montagut zinema zuzendariak aukera paregabea eskainiko digu “Memoria y sexualidad de las mujeres bajo el franquismo” dokumentala ikusi eta eztabaidatzeko. Dokumentala, “Mujeres bajo sospecha” ekimen kolektiboan kokatzen da, eta maisuki eramango gaitu garai historiko horretako emakumeen hainbat bizipen ulertu eta problematizatzera.

Izen ematea dohainikoa izango da, begiradafeministak (a bildua) yahoo (puntu) es helbidera idatziz. (Aukera askeko kreditu bat jasotzeko aukera dute jardunaldian parte hartu eta bertan landutako gaiaren inguruan hausnarketa bat idazten duten ikasleek).

Utzi iruzkina